Gaztekimen, I’m Bizi eta GazTEDurangaldea, gazteei zuzendutako hiru ekintza berri Durangaldean

Bizkaia Gazteak Durangaldea programak jarduera-egutegi berria jarriko du martxan 2026-2027 ikasturtean zehar, eskualdeko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen garapen integrala sustatzen jarraitzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Amorebieta-Etxano, Ermua, Mallabia udalerrien eta Durangaldeko Mankomunitatearen elkarlanari esker garatzen den programa honek gazteria eskualdeko garapenaren erdigunean kokatzen du, haien kezkei erantzunez eta parte-hartzeko zein etorkizuna eraikitzeko aukerak indartuz.

Aurten, programaren barruan hiru ekimen garatuko ditugu: Gaztekimen, I’m Bizi eta GazTEDurangaldea. Hiru proposamen hauek gazteen parte-hartzea, orientazio akademiko eta profesionala, eta gizarte-gaien inguruko hausnarketa eta sentsibilizazioa sustatzea dute helburu.

Jarduera hauek guztiak 2026-2027 ikasturtean zehar garatuko dira, Bizkaia Gazteak Durangaldearen helburu nagusia berretsiz: gazte prestatuagoak, parte-hartzaileagoak eta beren komunitatearekin konprometituagoak eraikitzen laguntzea, etorkizuneko erronkei aurre egiteko beharrezko tresnak eskainiz.

Gaztekimen: gazteak aldaketaren protagonista

Gaztekimen ekimenaren edizio berriak gazteen inplikazioa sustatzen jarraituko du, haien ideiak eta proposamenak eskualdearen hobekuntzaren zerbitzura jarriz. Programak bi parte-hartze ildo izango ditu berriro: alde batetik, Durangaldeko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleei zuzendutako prozesua, eta bestetik, 18 eta 29 urte bitarteko gazteei irekitako Gaztekimen +18 modalitatea. Bertan proiektuak aurkeztu ahalko dira modu librean edo Durangaldeko enpresa eta erakundeek proposaturiko erronkei erantzun ahalko diete gazteek.

Ekimen honetan, parte-hartzaileek talde-lana, komunikazioa, sormena eta gizarte-konpromisoa lantzeko aukera izango dute. Programaren helburua gazteek inguruko erronkak identifikatzea eta horiei erantzuteko proiektu berritzaileak garatzea izango da, tokiko errealitateari eta komunitatearen beharrei lotuta.

I’m Bizi: etorkizuneko erabakiak hartzeko orientazio ekitaldia

I’m Bizi programak ere bere lekua izango du ikasturte berrian. Ekimen hau bereziki DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta dago, eta haien etorkizun akademiko eta profesionalari buruzko erabakiak hartzeko tresnak eta informazioa eskaintzea du helburu.

Programaren baitan aurrelanketa egingo da ikasleekin eta ikastetxeekin, haien interesak, zalantzak eta motibazioak ezagutzeko. Informazio horretan oinarrituta, edukien diseinua egokituko da, gazteen beharrei erantzun eraginkorragoa emateko. Ondoren, I’m Bizi ekitaldiaren bidez, ikasleek prestakuntza-aukerak, lanbide-ibilbideak eta etorkizuneko aukerak ezagutzeko espazioa izango dute.

Ekimen honen bidez, tokiko talentua sustatu eta gazteen eta beren lurraldearen arteko lotura indartu nahi da, erabakiak informazioan eta aukeren ezagutzan oinarrituta har ditzaten.

GazTEDurangaldea: osasun mentala eta sare sozialen inguruko hausnarketa

Aurtengo berritasun nagusietako bat GazTEDurangaldea izango da. TED formatuko hitzaldi-ziklo honek gazteak eta herritarrak osasun mentalaren eta sare sozialen eraginaren inguruan hausnartzera gonbidatuko ditu.

Ekimenaren bidez lau hitzaldi antolatuko dira, horietako batzuk hezkuntza-zentroei zuzenduak eta beste batzuk publiko orokorrarentzat irekiak. Formatu dinamiko, hurbil eta parte-hartzailearen bidez, gaur egungo gazteen errealitatearekin lotura zuzena duten gaiak landuko dira: antsietatea, sare sozialetan ematen diren jarrerak, edota ongizate emozionala.

GazTEDurangaldearen helburua gazteei informazioa, tresnak eta ikuspegi kritikoa eskaintzea da, haien ongizate emozionala indartzeko. Era berean, hitzaldiek gazteen parte-hartze soziala eta eraldaketarako gaitasuna sustatu nahi dituzte, eskualdeko gazteria aktibo eta kontziente baten alde eginez.