GazTEDurangaldea 2026

18 urtetik gorako gazteei zuzendutako TED formatuko hitzaldi dinamikoak antolatuko ditugu Durangon eta Amorebieta-Etxanon. Aurtengo gaia sare sozialak eta osasun mentala izango da. Sare sozialek gure eguneroko bizitzan aukera eta baliabide ugari eskaintzen dizkigute: harremanetan egoteko, informazioa partekatzeko, sormena sustatzeko eta gure interes eta zaletasunekin konektatzeko.

Bi diziplina, esperientzia bat

Hitzaldien helburua sare sozialen inguruko mezu positiboa helaraztea izango da, haien potentziala eta eskaintzen dizkiguten aukerak azpimarratuz. Aldi berean, sare sozialak nola erabiltzen ditugun eta gure eguneroko bizitzan eta ongizatean duten eraginaren inguruan hausnartzeko aukera eskainiko da.

Proiektuaren berezitasuna bi diziplina uztartzean datza. Alde batetik, Luma Otañok gaiari buruzko eduki eta gogoetak eskainiko ditu; bestetik, Ugaitz Alegria aktoreak, hitzaldiaren erdialdean antzezlan bat burutuko du.

Horrela, 60 eta 90 minutu arteko saioetan, informazioa, hausnarketa eta antzerkia uztartuko dira, gazteek sare sozialen inguruan beste ikuspegi batetik pentsatzeko eta esperientzia desberdin batez gozatzeko.

Azken batean, proposamenak sare sozialekin dugun harremanaz kontzientzia hartzea eta modu positibo, osasuntsu eta arduratsuan erabiltzeko hausnarketa sustatzea du helburu.

Durango eta Amorebieta-Etxano

18 urtetik gorako gazteak

Azaroaren hasiera eta erdialdean