BADITUZTE IRABAZLEAK I´M BIZI ETA PRECIOUS PLASTIC EKIMENEK

Bizkaiko Foru Aldundiak, amankomunazgoak eta eskualdeko udalek sustatutako Gaztedi Durangaldea programaren ekimenek dagoeneko badituzte talde irabazleak. Bestalde, gazteei eskainitako azken solasaldia atzeratu egin dela jakinarazten da.

I´m Bizi eta Precious Plastic Durangaldea ekimenek, jasangarritasunaren eta birziklatzearen inguruko kontzientzia sortzeaz gain, eskualdeko gazteen ekintza- eta sorkuntza-gaitasunak sustatzea helburu dutenak, badituzte dagoeneko talde irabazleak. DBHko, batxilergoko eta lanbide heziketako mailetako gazteek osatutako taldeak prozesuan murgilduta egon dira iazko urriaren erdialdetik urtarrilaren bukaera arte.

Prozesu osoan zehar proiektuka lan egin dute bi ekimen hauetan, Design Thinking metodologia oinarri hartuta, lehenengo ikerketa eta analisi fasearekin hasi dira, eta, azkenik, beren ideia pitching tresnaren bide aurkeztu dute. I´m Bizin ez bezala, Precious Plastic Durangaldean birziklapenarekin eta ekonomia zirkularrarekin lotutako proiektuetan lan egin dute, Precious Plastic bezelako birziklatzaile eta sortzaileen komunitate baten misioarekin bat eginez.

I´m Biziren kasuan, proiektu irabazlearen saria Ermuak jaso du, eta proposamenik osoena eta berritzaileena BHI institutuko DBH 4ko ikasleena izan da. Kasu horretan, etxean energia aurrezteko argi-sentsore bat zen proiektua.

 Bestalde, Precious Plastic Durangaldeari dagokionez, bi sari banatu dira, bi proposamen horiek oso sendoak izan baitira. Lehenengoa Ibaizabal Ikastolara joan da, talde horrek mahaietako herrena berdintzeko plastiko birziklatuz egindako tako bat proposatu du. IES ERMUA BHIra ere joan den beste sariak, hautsontzi eramangarri bat proposatzen du zigarrokinak botatzeko, azken hori ere plastiko birziklatuz egina. Taldeei ematen zaizkien sariak Elkar liburu dendan gastatzeko erosketa-baleak dira, 200 eta 100 eurokoak.

Azkenik, Gaztedi Durangaldeak publiko gazteari zuzendutako hitzaldiei dagokienez, antolatzakuntzatik jakinarazten dute elikadura eta osasunari buruzkoa den azken hitzaldia atzeratu egingo dela, datorren martxoaren 4ra hain zuzen ere, 18:00etatik 19:30era.

Hona hemen konferentziaren inguruko xehetasunak:

  • Titulua: Elikadura eta osasuna bizitzaren hainbat esparrutan
  • Gaia: Ikastaro honetan elikadura egoki eta osasungarri bat izatea zein garrantzitsua den kirolari, organismoaren defentsei, errendimendu fisiko eta psikologoari eta, oro har, prebentzioari dagokienez aztertuko da.
  • Formatua: Telematikoa
  • Hizkuntza: Gaztelania
  • Ordutegia: 18:00-19:30
  • Izen-ematearen epea: martxoaren 3 arte
  • Izena emateko: behargintza.mdurango@bizkaia.org / 94 623 25 22