Bizkaia Gazteak Durangaldea programak jarduera-egutegi oso bat jarriko du martxan berriro, irailetik aurrera. 16 eta 29 urte bitarteko gazteen garapen integrala sustatzen duen programa honek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du eta Amorebieta-Etxano, Ermua, Mallabia udalerriek eta Durangaldeko Mankomunitateak sustatutako ekimen sendotua da. Eskualdeko gazteria erdigunean jarri nahi du, haien kezkak entzunez eta beren aukerak indartuz. Udako etenaldiaren ostean, programak lau jardun-ardatz nagusi izango ditu: hezkuntza eta lan-orientazioa, parte-hartzea, aisialdiaren inguruko prestakuntza eta osasun emozionalerako babesa.
Gaztekimen: parte-hartzea eta gizarte-konpromisoa
Gaztekimen programaren edizio berri honek gazteen inplikazioa sustatuko du euren ingurunea hobetzeko helburuarekin. Tailer eta dinamika parte-hartzaileen bidez, eskualdeko Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleekin lan egingo da, talde-lana, sormena eta tokiko gizarte-erronken inguruko hausnarketa bultzatuz. Helburua argia da: gazteek beren komunitateetan aldaketa-eragile bihurtzea, aniztasunarekiko errespetua eta ekimen soziala indartuz.
Gaztekimen proiektua eskualdeko gazteriaren artean eskuragarriagoa egiteko helburuarekin, parte-hartze kategoria berri bat irekitzea proposatzen da, Durangaldean, Amorebieta-Etxanon, Ermuan edo Mallabian bizi diren edo bertan ikasten duten 18 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta.
Ekimenak udalerria hobetzeko ideien lehiaketa izango du ardatz, aurreko edizioetan jarraitu diren ildo eta helburuei eutsiz. Proposamen honen bidez, publiko zabalago batera iristea bilatzen da, eskualdeko lanbide heziketako (erdi eta goi mailako) ikasleez gain, liburutegiak, ikasgelak edo teknotekak bezalako espazioetan aritzen diren gazteengana ere iritsiz.


I’m Bizi: orientazioa eta lan-munduko loturak
I’m Bizi programa ere garatuko da, DBHko 4. mailako ikasleei zuzendutako orientazio proiektu gisa. Helburua gazteei etorkizun akademiko eta profesionalen inguruko erabakiak hartzeko laguntza ematea da. Saio dinamikoak dituen ekitaldi baten bidez, prestakuntza eta lanbide orientazioa ezagutaraziko dira, tokiko talentua sustatuz eta gazteen eta lurraldearen arteko lotura sendotuz.
Begirale Ikastaroa: aisialdirako prestakuntza
Aurtengo berrikuntzen artean nabarmentzekoa da begirale ikastaroa. Ziurtagiridun prestakuntza hau eskualdeko gazteei zuzenduta dago. Ikastaro honek, hezkuntza jardueretan zein udaleku eta aisialdiko ekimenetan begirale gisa aritzeko aukera emango die. Gainera, beharrezko gaitasunak eskuratu ahal izango dituzte eta aukera paregabea izango dute praktikak egiteko eta lan eta gizarte-arloan esperientzia berriak izateko.


Aholkularitza Psikologikoa: ongizate emozionalerako espazioa
Azkenik, Bizkaia Gaztea Durangaldeak aholkularitza psikologikoko espazio bat jarriko du martxan, doakoa eta konfidentziala, laguntza emozionala behar duten gazteei babesa emateko. Estresa, antsietatea, gatazkak edo ziurgabetasuna bizi duten gazteei zuzenduta egongo da. Baliabide hau gero eta beharrezkoagoa da. Gazteen osasun mentala zaintzea eta egunerokotasunari aurre egiteko tresnak eskaintzea du helburu.
Jarduera guzti hauek irailetik aurrera garatuko dira, Bizkaia Gazteak Durangaldearen apustua sendotuz: gazteria prestatuago, parte-hartzaileago eta benetako etorkizun-aukeraduna lortzeko bidean.